XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikasleek irakurtzen ikastea dugu ardura, ez zaletasuna piztea

Victor Morenok zalantzan jarri ditu irakurleen bertuteak

Irakurzaleari eransten zaizkion ustezko bertuteak hankaz gora jarri zituen atzo Victor Moreno idazle eta irakasleak.

Edozein liburuk eragin onak ditu irakurlearengan, edo liburu bat irakurrita gehiago gara.

Iritzi horiek ez dira benetakoak Morenoren ustez. Bestalde, irakasle den aldetik, adierazi zuen eskoletako ardura ikasleei irakurtzen irakastea dela: Ez dugu arduratu behar irakurtzen dutenetz

IRAKURZALETASUNAK inteligentziaren garapena bizkortzen du, jakinahia asetzen du, hiztegia aberasten du, imaginazioari eta fantasiari ateak zabaltzen dizkio, kultura iturri agortezina da, sormena eragiten du, kontzientzia morala eta zentzu etikoa sortzen du.

Irakurzaletasuna bultzatzeko orri batean idatziriko esaldiak dira horiek, eta bata bestearen atzetik aipatu ondoren hauxe esan zuen Victor Morenok: Ez al dira horiek guztiak irakurzaletasunari buruzko aurreiritziak eta estereotipoak? Kontzientzia sortzen duela esaterakoan hori idatzi duenak izango du kontzientzia moralari buruzko definizio konkretu bat. Baina norena da kontzientzia hori? Esaldi sorta horiek faltsuak dira, nire ustez.

Irakurzaletasunari eransten zaizkion ustezko kulturari eta giza baloreei buruz gogoeta egin behar dela esan zuen Morenok.

Liburuaren alde, irakurzaletasunaren fundamentalismoaren aurka hitzaldia eskaini zuen atzo idazle eta irakasle Morenok.

Hankaz gora jarri zituen irakurzaletasunaren gaineko hainbat iritzi, eta idazle batzuen esaldiak ekarri zituen gogora, horiei buruzko kritika egiteko: Irakurtzeak zoriontsu egiten gaitu, edo irakurtzen duenak soilik pentsatzen du. Irakurtzea plazerra da, edo irakurriz hobeak egiten gara. Irakurtzen dugunak gara onak, beste guztiak gaiztoak dira. Horiek topiko leloak dira.

Irakurtzen jakitea da irakasleon ardura

Gazteen irakurzaletasuna bultzatzea ez da irakasleen ardura, Morenoren arabera: Irakasleok arduratu behar dugu ikasleek irakurtzen ikas dezaten, baina ez dugu arduratu behar irakur dezaten.

Beraz, ikasleak edozein testu irakurri eta hori ulertzea da gure eginbeharra.

Nire ustez, haur eta gazte askok ez du irakurtzen nekeza egiten zaiolako begi aurrean duena.

Orrialde baten aurrean daudelarik harrigarria da zenbat pertsona dauden ezertxo ere ulertzen ez dutenak.

Horren aurrean hizkuntz eta literatur heziketa ematea da, Morenoren ustez, eginbeharra; egitura eta kontzeptu ezagutza ematea, pertsona batek uler ditzan maila lexiko, narratibo eta metaforikoak, orrietan barna sartzen denerako. Irakurtzen duena erraztasunez uler dezan lortu behar dugu; ordea, irakurtzen duenarekin gozatzea ez dio inori ardura. Irakurri nahi dutenean irakurketarako prest egotea da garrantzitsua, ez gustuko dutenetz.

Hitzaldian entzule gehienak irakasleak ziren, eta solasaldia hasi aurretik Morenok esan zuen hitz egiten duenean askotan irakasle asko mintzen direla, baina horrelakoak ez direla modu pertsonalean hartu behar.

Halaber, irakasle askoren erakuste moduak eta intentzioak zalantzan jarri zituen atzoko hitzaldian.

Irakurtzea plazerra da

Esan ohi dugu irakurtzea plazerra dela, baina inoiz ez dugu etenaldi bat egiten pentsatzeko zer-nolakoa den plazer hori, eta norentzat. Lotsagabe baieztatu ohi dugu irakurketak bizitzaren hainbat gabezia gainditzen laguntzen duela, baina ez dugu zehazten nolakoa izan den metamorfosi zoragarri hori, esan zuen Morenok.

Bere irakasle obsesioa gazteek irakurtzen ikastea dela esan zuen, irakurketa oztopo izan ez dadin.

Era horretara, eskolak esnatu behar luke irakurketarako desioa, irakurketa bera izan gabe borondatezko edo obligaziozko egintza bat